Solidaridad con Egunkaria !!

Ehunka lagun bildu dira Andoainen «Egunkaria»ren itxieraren 5. urtemugan

Bost urte dira gaur «Euskaldunon Egunkaria» itxi zutela eta, urtemuga horren karira, ehunka lagun elkartu dira gaur Martin Ugalde Kultur Parkean, «Egunkaria libre» aldarrikatzeko eta epaiketarik egin ez dadin eskatzeko.

20/02/2008 9:25:00

DONOSTIA-. «Euskaldunon Egunkaria»ren itxiera salatzeko eta Auzitegi Nazional espainolak abiatu zituen ekinbide judizial guztiak bertan behera uzteko eskatu dute gaur ehunka lagunek Andoainen, itxieraren 5. urtemugan.

Auzipetuez gain, gizarte, kultura, kirola, politika eta ekonomia alorreko ordezkariak izan dira ekitaldian, haien artean EAJ, EA, Aralar, EB eta EAE-ANVko kideak, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, eta beste.

Iñaki Uria auzipetuetako batek salatu du kasuak oraindik itxi gabe jarraitzen duela, hainbat erakundek, tartean Lakuako Gobernuak, Europako hainbat talde parlamentariok eta fiskalak berak auzia artxibatzeko eskatu duten arren. «Behin behinekoz itxi zuten eta bost urte beranduago enpresa gisa likidatuta dago eta itxita jarraitzen du», eta egunkariek ez dute deliturik egiten», nabarmendu du.

Aurki bi epaiketa egingo dituztela gogora ekarri du, eta nahiz eta auzipetuak «animatuta» dauden eta babestuta sentitzen diren, Auzitegi Nazional espainola gauza horien aurrean «inmunea» dela erantsi du, eta horregatik «okerrena» espero dutela.

Uriaz gain, Joan Mari Irigoien idazleak, Josune Bereziartu eskalatzaileak, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek eta Ikastolen Federazioko lehendakari Koldo Tellituk hartu dute hitza, besteak beste. Andoni Egañaren bertsoek eman diote amaiera ekitaldiari.

Ekitaldiak nonahi

Polizia operazioa eta auzibidea gaitzesteko ekitaldak, Andoainen ez ezik, beste hainbat hiri eta herritan izango dira. Baiona, Bilboko, Iruñea eta baita Katalunian ere.

Euskal Herrikoak «Egunkaria libre!» lemapean egin dira.

Lakuaren oharra

Lakuak ohar baten bidez «Euskaldunon Egunkaria»ren aurka zabaldutako auzibidea «bertan behera uztea eta artxibatzea» eskatu du. Haien ustez, «PPren Gobernuak eragindako bultzada politikoa izan zuen oinarrian» eta «herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia» dela gaineratu dute.

Kataluniako Kazetarien Sindikatuaren babesa

Kataluniako Kazetarien Sindikatuak babesa erakutsi nahi izan dio gaur «Euskaldunon Egunkaria»ri ohar baten bidez. Haien ustez, egunkariaren itxiera «adierazpen askatasunaren aurkako erasoa» da. Gainera, Konstituzio espainolaren 20. artikulua eta Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. eta 15. artikuluak urratzen dituela adierazi du.

Egun osoz banner bat sartzeko proposamena webguneei

Egunkariaren Aldeko Elkarteak proposamen bat egin die webgune euskaldunei: elkartasun ekintza bezala gaur egun osoz pantaila-irudi edo banner bat sartzera animatu ditu. Gune ugarik egin du bat ekimenarekin. Sustatu albistegiak banner-a egiteko materiala eskura paratu du, eta Zabaldu.com-en ere horren berri ematen da.

Bestalde, «Egunkaria auzia»-ren gaineko berriak jasotzeko eta emateko www.egunkaria.info helbidea jarri dute abian, eta bertan kontsulta daiteke herriz herri zer ekitaldi prestatu diren. Gaiarekin lotutako argazkiak eta informazioa eskura daiteke, hala nola: polizia operazioari buruz, tortura salaketei, espetxeratuei, epaiketei eta zigor eskaerei buruz…

NOTICIAS ANTICAPITALISTAS