Prekarietatearen aurrean, gazteok martxan!

Publicidad

Maiatzak 1 langileon nazioarteko eguna dugu, kalea aldarrikapenez betetzeko borroka eguna. Euskal Herrian eta nazioarteko beste herri borrokalarietan, langileriak jendarte justu baten aldeko borroka eraman du aurrera urteetan eta aurten ere ezinbesteko zita daukagu. Egun neoliberalismo basatiaren eraso bortitzak jasaten ari gara eta Horregatik inoiz baino arrazoi gehiago dauzkagu kaleak astintzeko.  Herri mugimenduarekin batera, gazte mugimenduko kideok ere kalera aterako gara. Ikasleok, gazteok, guztiak gara Langile Herria.

Gazteok lan esku merkea gara patronalarentzat, bere poltsikoak betetzeko beharrezko duen pieza sinple bat. Zapalduak eta esplotatuak gara. Eredu merkantilistaren mesedetara diseinaturiko hezkuntzaz buruak bete eta peoi lanetan aritzera bideratzen gaituzte, merkatu kapitalistaren tresna bilakatuz. Patronalaren poltsikoak kapitalez betetzeko makinaria gara, gazteok bereziki.

Bizi prekariora kondenatzen gaituzte beraiek sabela angulaz betetzen duten bitartean. Faltsuak diren ametsez marrazten digute etorkizuna oraina borrokatu ez dezagun. Patronalaren mesedetan diharduten politikariak gure emantzipatzeko ezintasuna areagotzen dute, beraien lagunen interesak defendatzen dituzten bitartean herritarron kontura. Prekarietatean bizi arren, pribilegiatuak omen gara. Bizi ala biziraun, ordea?

Egoera kaskarra baldin bada ere, ez dago beste irtenbiderik borrokatzea baino, erroko arazoa kolpatu eta iraultzea. Prekarietatea ez da bizi baldintza, baldintzak eraikiak baitira.  Bizitza erdigunean jarriko duen sistema berri bat posible da. Egungo sistema eraikia izan den bezala, beste sistema justuago bat eraikitzea ere posible da.

Inork ezer emango digunaren ideia burutik kendu beharra daukagu. Gure bizi eredu propioak eraikitzera salto egin behar dugu eta sistemaren kateetatik ihes egin. Norberarengan dago giltza eta guztion arten errazago izango da egoerari buelta ematea

Zapaltzen gaituen sistemaren aurrean burujabeak izan nahi dugula aldarrikatuko dugu, gure erabaki propioak hartu eta gure behar eta nahien araberako herri eredua osatuz. Horretarako, ordea, ezinbestekoa dugu elkarrekin borrokatzea. Ezinbestekoa da gure indarrak antolatu eta eskaintzen diguten miseriaren aurrean aldaketaren aldeko apustua egitea.

Borrokaz soilik  alda daitezke gauzak eta horrela erakutsi digu historiak. Egunoroko txinaurri lanarekin guri dagokigu horri jarraipena ematea, bidean aurrera jarraitzea. Gazteok lehen lerroan egon behar dugu, makurturik eta etxean gordeta nahi gaituen sistema patriarkal kapitalistari hortzak erakusteko. Egun batean borroka egitea ez da nahikoa ordea, egunerokotasunean ekin  behar dugu norberarengandik hasi eta kolektiboraino. Beste eredu baten alde alternatibak eraikiz kapitalismo neoliberalarekin bukatu behar dugu behingoz.

Langile Herria gara. Iraultzaren sua. Bestelako herri eredu bat eraikiko duen indarra gara. Herri aske, sozialista eta feministara bidean, gazteok martxan!

También podría gustarte

Los comentarios están cerrados.

This website uses cookies to improve your experience. We'll assume you're ok with this, but you can opt-out if you wish. Accept Read More