La emisora de izquierdas y abertzale INFO7 amplía sus emisiones.

Goizago eta eduki berriekin esnatuko da «Kale Gorrian» saioa

Gaurtik aitzinera «Kale Gorrian» saio berritua eginen dute Info7 irratian Martin Garitanok eta Jon Mikel Fernandezek. 8.00etan beharrean 7.30ean hasiko dira, albistegi labur batekin, eta eduki berriak ere eskainiko dituzte; beti bezala, aditzen ez diren ahotsei mikrofonoa irekita.

«Kale Gorrian»eko esatariek hainbat berrikuntzarekin erranen diete egun on entzuleei. Orain arte 8.00etan hasten ziren, baina berandu samar dela pentsatzen dute, langileak aurretik esnatzen direlako eta lehenago jartzen direlako martxan. Horregatik, 7.30ean albistegi labur batekin ekingo diote saioari, eta 9.00ak arte arituko dira. Gero, hurrengo hilabeteetan, martxa pixka bat hartzen dutenean eta eduki berriak sortzen dituztenean, saioa bi ordura luzatzeko asmoa dute.

Albistegi nagusiaren ondotik, orain arte egiten zuten antzera, ikuspegiak azalduko dituzte: sarrera eta komentario bat eginen dute, elkarrizketa politiko bat, "Café y periódicos" deitzen dioten ohiko prentsa irakurketa eta "Sarean" izena emanen dioten tartetxo bat, etxeko zein atzerriko albisteak komentatzeko. Gizarte gaiekin lotutako elkarrizketak eta erreportaje txikiak ere sartuko dituzte, eta iritzia emanen dute "Zirimola" sailean.

Astean hiru aldiz politikari buruzko analisiak izanen dira, Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Gainera, astean behin, Estatu frantseseko prentsa irakurketa eginen dute. Lehen aipatutako "Sarean" atalean, "Etxeko zein atzerriko albisteak klik batean" deitutakoan, bertze komunikabide batzuek ateratzen dituzten kontuak jasoko dituzte: Telesur, Al Jazzeera, La Jornada, Kaos en la Red, Topatu, Askatu, Indymedia…

Martin Garitanok adierazi duenez, helburua aditzen ez diren ahotsak aditzeko modua egitea da. «Azkeneko urteotan Euskal Herriko informazio eskaintza asko murriztu dela uste dugu. Lehen entzuten ziren ahots batzuk jada ez dira entzuten beste komunikabideetan, ez publiko, ez pribatuetan. Eta hori gainditzeko asmoz, gure mikrofonoak irekitzen ditugu, bai esparru politikoan, bai sozialean. Badira Euskal Herrian hainbeste gai eztabaidagarri beste hedabideetan agertzen ez direnak edo isilarazten dituztenak, eta gure asmoa hori da, ahots, iritzi eta gai horiei irekitzea, beste era batera landuz», azaldu du.

http://www.info7.com/

NOTICIAS ANTICAPITALISTAS