Josu, Santi: izan zirelako gara… irabaziko dugu!
Atzo, azaroaren 20a, ekitaldi jendetsua egin zen Bilboko La Casilla pabilioian. Bertan Josu Muguruza eta Santi Brouarden figura omentzeaz gain ezker abertzaleak dituen erronken berri eman zen. Ekitaldi emotiboa izan zen, baina batez ere Santi eta Josuk ordezkatzen zuten konpromiso militantea omendu nahi izan zen.
Ekitaldia bertsoekin hasi eta ondoren Agintariena dantzatuz eman zitzaion ongi etorria ekitaldira hurbildutako guztiei. Honen ostean azken urtean Ezker Abertzaleak garatutako bidearen zati garrantzitsuak aipatzen zituen bideoa proiektatu zen:
Bideo honen ostean gazte mugimenduak duen garrantzia aipatu eta gazte independentista ugari igo ziren oholtzara. Euretariko bik hitza hartu eta gazteek eskenatoki demokratiko baten sorreran duten papera aipatu zuten, Santi eta Josuren konpromisoarekin batera.
Interbentzio honen ostean Saharako azken gertakarietan sakontzen duen bideoa proiektatu zen:
Saharak bizi duen egoera gogoan izan ondoren Santi eta Josuk eginiko lanak aipatzeari ekin zitzaion. Horretarako Josu Muguruzak berak eginiko hitzaldi baten zatiak entzun ahal izan zituzten La Casilla bete zuten 3.000 pertsona baino gehiagok:
Bideoak jendearen emozioak piztu zituen eta horrekin jarraituz Euskal Preso Politikoen Kolektiboa omendu nahi izan zuten aministiaren aldeko mugimenduko hainbat kidek. Euren izenean Anjel Alkaldek hitz egin zuen, amnistia eta autodeterminazioa lortu behar direla esanez eta amnistia ez dela soilik presoen kaleratzea gogoratuz. Errefuxiatuak gogoak izan ondoren presoen aldeko lana biderkatu behar zela gogoratu zuen.
Honen ostean abesbatzak «Izarren hautsa» kantatu zuen, ezker abertzaleko 200 bat kidek lore-eskaintza egiten zuten bitartean. Momentu horrekin bukatzeko Txelui Morenok interbentzio nagusia egin zuen. Interbentzio honetan ezker abertzalearen azken mugimenduak gogoratu eta lana egiten jarraitu behar dela ekarri zuen gogora. Ezker Abertzaleak duen konpromiso militanteak bakarrik ermaan ahal gaituela Prozesu Demokratikoa bururaino eramatea argi eta garbi defendatu zuen.
Internazionala eta Eusko Gudariak abesten bukatu zen atentzio mediatiko handia izan zuen ekitaldia.