Hamaika sukar, hamabi sagar

Publicidad

2D gelako ikaslea naiz Seaskaren Baionako (Lapurdi) Bernat Etxepare lizeoan. Nire gela barrakoi edo prefabrikatu bat da. Hurrengo urtean lizeo berri batera sartuko gara, eta eraikuntzari doakion zati ekonomikoa erakunde publikoek ordainduko dute. Barneko ekipamendua aldiz, 300.000€ko baliokoa, lizeoak ordaindu behar du, eta jakina da Seaskak dirurik ez duela. Lizeoak beraz, sagarrondoak saltzea erabaki du, “Hazten gaitu, hazten dugu” lemapean. Ez nator kanpaina aurkeztera, interneten artikuluak pilaka baitaude, baina artikulu hauetan hautu zehatz bat egin da. Gure burua biktimatzat ez hartzea erabaki da, eta gaur egun dugun egoera gutxi ezagutaraztea. Ez ditut hautu hauek kritikatuko, ez baita inondik nire lana, baina egoera pixka bat adieraziko dut, eufemismorik gabe.

Ostiral arratsa da hau idazten ari naizelarik, nire ikaskide Xiberutarrak etxera iristen ariko dira orain. Nire gelakide gehienak bezala sukarrak jota nago. Asteazkenean elurra ikusten zen Baiguran, gelan itsasurak genituen, kaierak busti zitzaizkigun, eta ikasgelara sartzeko txipatu ginen, hau jolastoki erdian baitago. Hotza ederra zen, eta ditugun lau berogailu elektrikoak topera zeuden. Ostegunean aldiz, eguzkiak bete-betean jotzen zuen gure barrakoia, eta egostearen sentsazioa hurbiletik esperimentatu genuen.

Gaur, eguraldi aldaketarekin denak nahiko nahasiak geunden. Gelan ordu bat pasata, berogailuak pizturik, giroa pisua bilakatu da, eta askori buruko mina sortu zaigu. Matematikako kurtsoaren erdia ez dugu ulertu, eta lau ikaskide erizaindegian zeuden. Oroitaraztekoa iruditzen zait, emaitzei dagokionez, 2015ean frantziar estatuko lehen lizeoa izan zela Etxepare, eta hezkuntza sailburutzak ez duela inolako gupidarik bere ikaslerik hoberenak prekarietate eskolarrean uzteko. Horrela pasa dugu eguna, buka zedin esperoan, eta horrela egin dugu arratsaldeko lauretan geneukan frantseseko azterketa. Horrela bukatu ere, kopeta kargatua zutela egin baitute segurenik gure gelaren garbiketa bi ikaskidek, garbiketa zerbitzurik ez eta, ikasleon lana baita lizeoa garbi atxikitzea.

Negu luze bat dugu aitzinetik, dirudienez gorabeheratsua izanen dena, baina giro ona inork ez digu kenduko!

Saiatzen gara kanpaina biktimismotik ez egiten, baina sukarrak jota gaude, gaixo. Hau ez da iragarki bat, larrialdi dei bat baizik.

Ahal izanez gero, egin zure ekarpena Ipar Euskal Herriko Euskal Lizeo bakarrari, sagarrondo bat edo gehiago erosiz www.betxepare.eus web-orrian.

También podría gustarte

Los comentarios están cerrados.

This website uses cookies to improve your experience. We'll assume you're ok with this, but you can opt-out if you wish. Accept Read More