Gasteizko gazte independentistek Jardunaldi Independentistak burutuko dituzte martxoaren 27an

Martxoaren 27an, Euskal Herriko txoko ezberdinetan bezala, Gasteizko Jardunaldi Independentistak antolatuko dira, ‘Goazen Independentziara!’ lelopean. Zabaldu berri den eta Euskal Herria marko demokratiko batera eramango duen ziklo politiko honi, zehazki, eta orokorrean askapen prozesu nazional eta sozialari gazteria independentista, sozialista eta iraultzailearen borrokak egin diezaiokeen ekarpena izugarria da. Hori argi geratu zen azaroan espainiar estatuak burututako makrooperazio polizialarekin. Gasteizen, gainera, kolpea ez zen txikia izan, bederatzi lagunen atxiloketekin.

Gazte independentiston borrokarako grina eta ahalmena neutralizatzea zuten helburu, baina gero eta argiago geratzen ari den bezala, euskal gazteriaren gogoak eta indarrak ezin dira errepresioaren bitartez zapuztu. Beraz, martxoan zehar, Gasteizko gazteria independentistak borrokarako apustu berria egin dute, hilabetearen amaieran izango diren Jardunaldi Independentistak eta apirilaren hasierako Aberri Eguneko ekimena burutu baino lehen.

Izan ere, Independentzia eta Sozialismoaren bidean, Euskal Herriko zapalkuntza nazionalaren eta klase zapalkuntzaren erakusgarri diren elementu ezberdinak agerian utzi behar dira:

1. ASTEA (‘Kapitalismoa Suntsitu!‘)
Horregatik, martxoko lehenengo astean, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogora ekarriz, ‘Kapitalismoa Suntsitu!’ lelopean hainbat ekimen burutuko dituzte: martxoaren 3an, asteazkenean, 18.30etan, gazte zutabe bat burutuko dute Fariñasetik, ‘Langileon borrokaz… gazteok goazen Independentziara!’ aldarrikatuz, 19.00etako manifestazioarekin bat egin aurretik. Aldi berean, martxoaren 6an, larunbatean, 17.30etan bideoemanaldia eta tertulia izango dute Aldabe Gizartetxean, martxoak 3ko gertakariak aztertzen dituen ‘La Revolta Permanent’ dokumentalaren harira.

2. ASTEA (‘Patriarkatua Txikitu!‘)
Euskal Herria independiente eta sozialista bat, patriarkatuarekin amaitu gabe eta emakume askerik gabe ezinezkoa denez, martxoak 8ko ekimenekin bat egingo dugu, 19.00etan San Anton plazatik irtengo den manifestazioa abiapuntutzat hartuta. Larunbatean, martxoaren 13an, goizeko 11.30etatik aurrera, Aranbizkarra auzoko Amaya Zentruan (*kartelan Aldabe Gizartetxean jartzen du baina gaizki dago), Feminismo Tailerra burutuko da. Ezin dugu ahaztu, gainera, aurreko egunean, martxoaren 12an, ostiralean, Judimendiko gazteek euren Jardunaldi Independentistak antolatuko dituztela.

3. ASTEA (‘AHT Gelditu!’)
Gaur egun, Euskal Herriaren zapalkuntza nazional eta sozialaren erakusle argiena Abiadura Handiko Trena da, euskal eta espainiar burgesiak interes kapitalista amankomun batengatik, herritarren hitza errespetatu beharrean, inposaketa eta errepresioa nahiago dutela agerian uzten dituena. Martxoaren 18an, ostegunean, 19.00etan, AHTren aurkako kontzentrazioa deituko dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Hurrengo egunean, martxoaren 19an, ostiralean, Zaramaga auzoko Jardunaldi Independentistak burutuko dira ere. Gainera, martxoaren 20an, larunbatean, AHTren aurkako Martxa burutuko dute.

Gazte independentistek, guzti honekin (*egitaraueko zenbait atal denborarekin zehaztuko ditugu gehiago), Euskal Herriko zapalkuntzaren erakusle nagusiak agerian utzi nahi dute. Hau da, kapitalismoa, patriarkatua eta AHTren inposaketa, beste adibide askoren artean, euskal gazteriaren interesen kontra daudela salatu, martxoaren 27ko Jardunaldiak berotzeari begira. Bertan, zehazteko dagoen egitarauaren baitan, euskal gazteriaren zapalkuntza egoera gainditzeko irtenbide bakarra denaren inguruan, Independentziaren inguruan alegia, hausnartu eta eztabaidatuko dute.

Garaipena, Independentzia eta Sozialismoa, ez dira zerutik etorriko. Euskal Herriko gazte guztion aktibazioarekin, inplikazioarekin, batasunarekin, eta batez ere, borrokarekin besterik ez ditugu lortuko.

Beraz, EKIN DIEZAIOGUN LANARI ETA GOAZEN INDEPENDENTZIARA!!!

NOTICIAS ANTICAPITALISTAS